ltimo conciertoAZKEN KONTZERTUA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa - Orkestra

Aurreko irudia
 Hurrengo irudia

Orkestra

Euskadi kultura da, antzinakoa eta egungoa. Musika, tradizionala eta abangoardiakoa. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatu eta garatuta sortu zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, 1982an [62-1982 dekretua], musika ondasun partekatutzat duen gizartean. Eta orkestrak ondare oparo hori gordailuan hartu eta, horri dagokionez, konpromiso bat hartu zuen: ondare hori zabaltzea eta ondare horren garapena sustatzea. Horri esker, Euskadiko Orkestra erreferentziazko talde sinfonikoa da estatutan, ikuspegi kualitatibotik nahiz kuantitatibotik; izan ere, bere komunitatean irmo errotuta dagoen elkartea da, 7.000 abonatu eta batez beste urtean 150.000 entzule dituena; bere garaiko orkestra da, izugarrizko eskakizun-maila ez ezik aro guztietako musika sinfonikoa zabaltzeko konpromiso irmoa ere baduena; horrekin batera, interes berezia du euskal musikaren sorkuntzan eta hedapenean, nola gure mugen barnean hala handik kanpo.

Euskadiko Orkestrako kideak harrobi batean paratuta

Enrique Jordák aholkulari artistiko gisa elkarte sortu berriaren burutzan jarri eta haren lehen urratsak zuzendu zituenetik, hainbat zuzendarik izan du Euskadiko Orkestraren kalitatea eta proiekzioa handitzeko ardura. Egun Jun Märkl Orkestraren Zuzendari Titularra da eta Andrey Boreyko Zuzendari Printzipal Gonbidatua. Andrés Orozco-Estrada, Gilbert Varga eta Cristian Mandeal, Mario Venzago, Hans Graf, Miguel Ángel Gómez Martínez, Matthias Kuntzsch, Maximiano Valdés eta Jordá bera, ohorezko zuzendaria izandakoa, aritu dira Euskadiko Orkestraren buruzagitzan egin duen goranzko ibilbidean.

Orkestra zuzenean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera ondo egituratua eta dinamikoa da, eta euskal kultura-bizitzan errotuta dago. Horri esker, Orkestrak 100 kontzertu baino gehiago ematen ditu denboraldi bakoitzean, hainbat ziklotan banatuak eta estatuko nahiz nazioarteko hainbat musika-erakunderekiko lankidetzan.

Bere jardueraren ardatza den Abonu Denboraldiaren baitan, gure orkestrak lau kontzertu-ziklo ematen ditu modu iraunkorrean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Donostiako Kursaal Auditoriumean, Gasteizko Principal Antzokian eta Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu horietan, EOSek lehen mailako zuzendariekin jardun du eszenatokian, besteak beste Yehudi Menuhin, Krysztof Penderecki, Christopher Hogwood, Paul McCreesh, Yakov Kreizberg, Oleg Caetani, Jerzy Semkov, Lawrence Foster, Giovanni Antonini, Jesús López Cobos, Cristóbal Halffter, Arturo Tamayo, Kery Lynn Wilson, Gloria Isabel Ramos, Gerd Albrecht, Joana Carneiro, Diego Matheuz, Michal Nesterowicz, Carlo Rizzi, Josep Caballé-Domenech edo Christoph König zuzendariekin. Orkestrarekin jardun izan duten bakarlarien zerrendak ere izen handiko interpretatzaileak biltzen ditu, hala nola Maria Joao Pires, Frank Peter Zimmermann, Mischa Maisky, Antonio Meneses, Christian Zacharias, Leonidas Kavakos, Radu Lupu, Arcadi Volodos, Heinrich Schiff, Elisabeth Leonskaja, Vadim Repin, Hélène Grimaud, Branford Marsalis, Michel Camilo, Martin Grübinger, Martin Fröst, Measha Brueggergosman, Milos, Johannes Moser, Benjamin Grosvenor, Joaquín Achúcarro, María Bayo, Carlos Alvarez, Carlos Mena, Ainhoa Arteta, Asier Polo, Marta Zabaleta eta beste asko eta asko. Aipagarria da halaber beste erakunde artistikoekin lankidetza; esaterako, Orkestrak, zulogunetik, musika jarri die Malandain Ballet Biarritzen Magifique eta Cendrillon ikuskizunei. Orkestraren kontzertu-eskaintza beste zikloek osatzen dute: bata ganbera-musika ardatz duen formatu txikiko eta kalitate handiko zikloa da, "Miramongo Matinéeak" izenekoa, eta bestea haur eta familientzat da ("Musika Familian") edota ikastetxeentzat ("Eskola Kontzertuak"), Orkestraren Hezkuntza Departamentuak diseinaturik. Bestelako jarduerak ere badira, Musika Gelaren bidez egiten direnak.

Kursaal AuditoriumaEuskalduna JauregiaGasteizko Principal AntzokiaIruñeko Baluarte Batzar Jauregia

Gainera, ekoizpen propioko kontzertuez gain, bada gure Orkestraz zuzenean gozatzeko beste modurik, hainbat musikalditan orkestra gonbidatu gisa parte hartu ohi baitu, besteak beste Operaren Bilboko Lagunen Elkartearen (OLBE) denboraldian eta Musika-Música jaialdian Bilbon, Musika Hamabostaldian eta zinemaldian Donostian, Festival Musique en Côte Basque jaialdian, Musikasten eta abarretan; baita gure lurraldeko hainbat herritan ere ("Orkestra Herrietan"). Eta etxetik urrun ere bai: nazioarteko biretan; gure herriko kultura-ondarea transmititzen duen aldetik, bira horiek oso garrantzitsuak dira gure orkestrarentzat. Austria, Argentina, Alemania, Brasil, Txile, Suitza, Frantzia, Britainia Handia eta Italia dira bira horien jomugetako batzuk. Bertan, arrakasta handia lortu izan du gure orkestrak, hala nola Vienako Konzerthaus, Buenos Aireseko Teatro Colón, Municheko Prinzregententheater, Berlineko Kontzerthaus, Düsseldorfeko Tonhalle, Sala Sao Paulo, Milaneko Auditorioa edo Opéra Royal de Versailles areto ospetsuetan eta La Biennale di Venezia jaialdian. Horri dagokionez, nabarmendu behar da gure orkestrak estatuko eta nazioarteko beste orkestra batzuekin trukeak egiteko duen politika. Izan ere, horri esker, EOSen musika beste leku batzuetara eramateaz gain, kanpoko orkestrak gure auditoriumetara etortzen dira.

Etengabe hazten den soinu-funtsa

Euskadiko Orkestrak, halaber, soinu-artxibo handia du, euskal konpositoreen produkzio sinfonikoa ardatz duen politika diskografikoari esker. Hain zuzen ere, besteak beste Decca (Universal) eta RTVE Música zigiluek argitara emandako ia berrogeita hamar artean, Euskal Konpositoreen Bilduma nabarmendu behar da; izan ere, CLAVES etxeak Mondragon Taldearen laguntzaz argitaratutako lan hori orain arte egin den euskal egileen obren bildumarik handiena da. Baina euskal musikaren maisu-lanak iraunkor bihurtzeko zaletasun eta lan hori ez da bilduma horretara mugatzen, eta horren erakusgarri, XX. mendeko euskal musikaren sorkuntza obra gorenetako bat den Francisco Escuderoren Gernika eta José María Usandizagaren La Llama operen lehenbiziko grabaketak aipatu behar dira. Orkestrak, musika-ondarea bizirik irautea lortzeaz gain, ondare hori handitzea sustatzen du, euskal sortzaileei -oraindik ezagunak ez direnei nahiz dagoeneko sona lortu dutenei- eskuarki obrak enkargatzen dizkielako. Interes horren erakusle dugu Tesela konposizio-proiektua, 2012an orkestrak abian jarri duena bere 30. urteurrena ospatzeko eta BBVA Fundazioaren lankidetza esklusiboa duena.

Bizirik dagoen orkestra

Dena den, desadostasunen, bizikidetzaren eta aniztasunaren aroan, gure Orkestra izaki bizia da, konplexu eta aldabera, eta aktualitateari atxikia. Horri dagokionez, gero eta balio handiagoa ematen dio kulturaren beste eremu batzuekin esperimentatzeari. Eta horri loturik, esate baterako, bere lana modernitatearekin bat egitearren, kontzertu-aretoak alde batera utzita Bilboko Guggenheim-en Mike Oldfield-en Music of the Spheres diskoa aurkeztu zion munduari; era berean, 2001. urtean kontzertu telematiko bat egin eta internet bidez eman zuen, bertan parte hartu zuten musikarietako batzuk zuzendaria zegoen tokitik hainbat kilometrotara zeudela, zuntz optiko bidez konektaturik. Testuinguru honen baitan, honako ekimenak daude: "KlasikAT", musika klasikotik at dagoen zikloa, zeinean Orkestrak bere doinuak beste musikekin nahasten dituen; Lo imposible, El mal ajeno edo Ocho apellidos vascos bezalako filmen soinu banden grabazioa edo zuzeneko estreinaldia, edo lankidetza Jorge Drexler kantautorearekin.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, autonomia erkidegoko mailako orkestren artean, estatuan sortu zen lehen orkestra sinfonikoa da. 1982an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Musika zuzendari Imanol Olaizolari enkargatutako proiektu baten emaitza gisa. Orkestraren antolakuntza-egituraren organo gorena Administrazio Kontseilua da, Kultura sailburua eta orkestraren presidentea buru dituena. Horiez gain, Kontseiluak beste hainbat kide du: Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuordea eta Kultura zuzendaria, hiru lurralde historikoetako kultura diputatuak eta hainbat erakundetako ordezkariak. Bestalde, Batzorde Artistiko batek orkestraren musika-ibilbidea zehazteko eta garatzeko lanetan parte hartzen du.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, sortu zenetik (1982), Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteko (AEOS) kidea da. Halaber, Hezkuntza Kontzertuen Antolatzaileen Sareko (ROCE) kidea da sare hori 2010ean sortu zenez geroztik.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostia hiriko Urrezko Domina jaso zuen 2013. urtean.

2015. urtetik Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Adiskide Kolektiboa da.

Euskadiko Orkestrak bat egin du 2016ko Europako Kultur Hiriburua egitasmoarekin.

Euskadiko Orkestraren historiari buruzko informazio guztia Primo Tempo liburuan bildu da zehatz-mehatz. Liburu hori Kutxak argitaratu zen 2007an orkestraren 25. urteurrena zela-eta. Ezin konta ahalako testigantzak bilduta egin zen liburua, Orkestrak musikan egin duen ibilbidea gertu-gertutik jarraitu duten pertsonen testigantzak bilduta, hain zuzen ere.

» Behera kargatu katalogoa
[PDF formatua - 230KB] | [RTF formatua - 270KB]